miércoles, 29 de mayo de 2019

Ajeak

(2019-5-28an Berria egunkarian argitaratutako artikulua)



Igandean izan genituen hauteskundeen gisakoetan beti aurkitzen dute alderdi eta koalizioek zer ospatu, non kontsolatu. Herri eta lurralde asko, hiru hautetsontzi… Horregatik suertatzen dira sarri arraro samarrak gauerdiaren bueltan buruzagiek egiten dituzten agerraldiak. Ez zuten Bergarako jelkideek, Laudioko bildukideek edota Donostiako sozialistek telebistan euren ordezkariek erakusten zuten poza partekatzeko gogo handirik izango.

Arrarotasunak arrarotasun, batez ere mingarria iruditu zitzaidan EAJ eta EH Bildu-k eman zuten irudiarena. Uxue Barkos eta Joseba Asiron duintasunez beteriko hitz urratuak ahoskatzen ari ziren bitartean, Bilboko eta Donostiako giroak triste utzi gintuen. Nafarroa Garaian genuen jarria begirada askok igandean eta lurralde horretako hondamenak –ez zait hitz egokiagorik bururatzen- ezin dio abertzale bati etxafuegoak botatzeko gogo handiegirik sortu, gainerako lurraldeetan sekulako emaitzak lortuta ere. Nazio ikuspegia bota nuen faltan igande gauean; nahi nuke sintomatikoa ez izatea. Nahi nuke.

Egia da, bai, emaitza (ia) borobilak lortu zituela EAJk Euskal Autonomia Erkidegoan. Hiriburuetako hiru alkatetzak, hiru lurraldeetan buru, ustez arriskuan zituen hainbat alkatetza eutsi eta aspaldi galduak zituen beste hainbat enblematiko berreskuratu ere bai. Ez dakigu non duen goia alderdi honek, inon izatekotan. Hori bai, jelkideek jakin badakite ahuleziak ere badituztela, sarri Sabin Etxeko, Foru Aldundietako edota Ajuria Eneako aterkiek ondo baino hobeto estaltzen dituztenak. Gipuzkoari buruz ari naiz bereziki eta iruditzen zait hainbat alkatetza galtzea aurreikusten bazuten ere uste baino gehiago izan direla. Baina, are kezkagarriagoa zaiena, hainbat herritan zerrendak osatzeko –eta berritzeko- zailtasun ezkuta ezinak dituzte. EH Bilduk aurrea hartu die nabarmenki horretan toki askotan.



Ez dut uste, hala ere, aurre-hartze hori oso kontsolagarria denik EH Bildu-rentzat. Bere buruari jarritako helburu nagusiak ez ditu lortu: Nafarroa, Gipuzkoa eta Miren Larrion. Alkatetza garrantzitsuak ere galdu ditu eta bere arrakasta Gipuzkoako herrietara mugatzen da nagusiki. Horra hor koalizio honen arazoetako bat, lurralde orekarena. Oso sendo dago, hala ere, eta objetiboki onak izan zitezkeen hainbat emaitza, sortutako espektatibek garraztu dituzte, zalantzarik gabe, nahiz eta igande gauean ez genituen koalizioko buruzagiak oso saminduta ikusi.

PSOEren uholdea, Navarra Sumaren arrakasta, Gascori donostiarrek emandako zigorra, Podemosen sortuko den zalaparta, abertzaleek europarretako helburua lortu izana, Kataluniakoa, eta abar. Denon ahotan darabiltzagun gaiak, baina ezin oso originalak izan. Aurrera begirakoa da benetan gure jakin-nahia pizten duena. Ororen gainetik, Nafarroa Garaian gertatuko denak. Uxue Barkosek igande gauean esandakoak arrastoan jar gaitzake agian, baina iruditzen zaigu oraingoan ere Madrilen erabakiko duela erabaki behar duenak.

Hainbat herritan alkatetzak aukeratzeko egongo diren mugimenduak ere interesgarriak izango dira. Besteak beste, bulegoetan adostutako akordioak herrietan betearazteko izan ohi diren arazoak. Baina ez dirudi herri jakin horietan sortuko den zalapartaz haratago benetako garrantzi politiko izango dutenik mugimendu horiek. Garrantzitsua Iñigo Urkullu lehendakariaren gogoeta izango da. Gobernua Gasteizko legebiltzarrean izaten ari den zailtasunak ikusita, tentazio handia izan dezake hauteskundeak aurreratu eta gehiengo zabalarekin legealdi berri bati ekiteko.

Hauteskunde guztiek uzten dituzte ajeak, eta igandekoek ere utzi beharko lituzkete, eta ez txikiak. Baina ez da gauza ziurra gure ordezkari politiko guztiek izango dutenik, txerto egokia da autokonplazentzia. Euskadi y Navarra aipatzen hasten gara eta gure gainerako zenbakiak itxuragabetzen dituzten  lurralde horretako emaitzak ezkutatzen jarraitzen dugu. Deituko diot gero Uxueri, deituko diot gero Josebari. Eta ajea izaten badut, izan dadila gaur gauean ederki pasatu dudalako.


No hay comentarios:

Publicar un comentario